Edukira joan

Heinrich von Kleist

Wikipedia, Entziklopedia askea
Heinrich von Kleist

Bizitza
JaiotzaFrankfurt Oder1777ko urriaren 18a
Herrialdea Prusiako Erresuma
HeriotzaKleiner Wannsee (en) Itzuli1811ko azaroaren 21a (34 urte)
Hobiratze lekuaWannsee (en) Itzuli
Heriotza moduasuizidioa: bala zauria
Familia
AitaJoachim Friedrich von Kleist
AmaJuliane Ulrike von Pannwitz
Ezkontidea(k)ezkongabea
Familia
Hezkuntza
HeziketaAlma Mater Viadrina (en) Itzuli
Hizkuntzakalemana
Irakaslea(k)Christian Ernst Martini (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakantzerkigilea, poeta, ipuingilea, eleberrigilea, idazlea, legelari-poeta eta iritzi-kazetaria
Lan nabarmenak

IMDB: nm0902535 Allocine: 97897 Allmovie: p218798 IBDB: 482749
Musicbrainz: 773d043c-e288-4b31-83d8-2df8080d23cc Discogs: 628820 IMSLP: Category:Kleist,_Heinrich_von Find a Grave: 24862439 Edit the value on Wikidata

Heinrich von Kleist (Frankfurt Oder, Alemania, 1777ko urriaren 18a - Wannsee, 1811ko azaroaren 21a) alemaniar olerkari eta antzerkigilea izan zen. XIX. mendeko alemaniar antzerkigile nagusia izan zen, eta eragin handia izan zuen Frantziako eta Alemaniako mugimendu errealista, espresionista, nazionalista eta existentzialetan.

Bizitza nahasia eta heriotza tragikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita prusiar gudarosteko ofiziala zuen, eta haren eraginez hasi zuen karrera militarra, baina, zazpi urteren ondoren, alde batera utzi zuen mundu hura, atsekabeturik. Unibertsitatean zuzenbidea eta matematika ikasten hasi zen, baina ikasketak ere bertan behera utzi zituen. Unibertsitateko garaietan ezagutu zituen, dena dela, Kanten testuak. Kanten filosofiaren eraginez, jakiturian zuen fedea galdu zuen, eta, arrazoian zuen itxaropena galdurik, emozioetan jarri zuen konfiantza guztia. Arrazoiaren eta emozioaren arteko gatazka ez zuen konpondu, halere, eta gatazka horixe agertzen da haren lanaren funtsean.

Ikasketak alde batera utzi ondoren, Parisa eta Suitzara bidaiatu zuen. Suitzan idatzi zuen bere lehen lana: Die Familie Schroffenstein (1803, Schroffensteindarrak), egoera patologikoei buruzko azalpen gupidagabea egiten duen tragedia, egileak berak hala erabakita izenik gabe argitara emana. Obra horren sakoneko ideia, Kleisten obran behin eta berriro agertuko zena, gizakiaren egiari antzemateko gizakiaren adimenak duen ezintasuna izan zen.

Geroago, Parisa jo zuen berriro, etsipenak hartuta, eta gudarostean boluntario sartzen ahalegindu zen, baina Frantziatik egotzi egin zuten, eta Ekialdeko Prusiara alde egin behar izan zuen. Handik ere gudarostean sartzeko prestakuntzak bertan behera utzita alde egin zuen, Dresdenera (1807-1809).

Dresdenen sei hilabetez egon zen espetxean, eta, ondoren, garai hartako pentsalari eta artista nagusiekin harremanetan egon zen. Idazten jarraitu zuen: antzerki-lanak, olerkiak eta aldizkarietako artikuluak, batez ere.

Berliner Abendblatter egunkaria argitaratu zuen sei hilabetez, eta aldizkari hura desagertu zenean, bere ogibidea galdu zuen. Oso egoera kaskarrean bizi zelarik eta bere ingurukoek, batez ere Goethek, bere lanari zegokion garrantzia ematen ez ziotela-eta, etsipenak hartu zuen. Garai hartan eritasun sendaezin batek jotako emakume bat ezagutu eta haren adiskide mina egin zen. Harekin iritsi zen bere bizitzaren amaiera tragikora, 1811ko azaroaren 21ean: adiskideari tiro egin eta bere buruaz beste egin zuen ondoren Kleistek. Hura izan zen Europako erromantizismoaren garaiko suizidiorik tragikoena eta sonatuena.

Literatura-lan nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Heinrich von Kleisten Katalina Heilhronngoa, 1810.

Kleist Schroffensteindarrak lana idazten hasi zen garaitsukoa da, hau da Kleisten lehen urteetakoa, Robert Guiskard obra, amaitu gabe utzi zuen antzezlana. Izan ere, oso obra handinahia zen hura, eta Parisa egindako bidaia batean, etsipenaren etsipenez, eskuizkribua erre egin zuen Kleistek.

1808an Penthesilea (1808, Pentesilea) drama eman zuen argitara. Pentesileak ez zuen arrakasta handirik lortu, baina bertan agertzen dira Kleistek sentimenduen intentsitatea adierazteko erakutsi zuen trebetasunagatik alemaniar olerkari gorenen mailara eraman duten zenbait olerki. Urte hartan bertan Der zerbrochene Krug (Loreontzi hautsia) aurkeztu zuen. Ez zuen harekin ere arrakastarik lortu, baina, gaur egun, mende hartako alemaniar komedia bikainenetakoa dela esaten da: nekazari-giroan kokatuta dago, eta hizkera barregarria, elkarrizketa biziak eta umore handia ditu ezaugarri.

Handik bi urtera Das Kathchen von Heilhronn (1810, Katalina Heilhronngoa) argitaratu zuen, Erdi Aroko alemaniar munduaren erakusgarria; neskatxa xume baten istorioa du kontagai, eta ametsa eta lilura dira oinarrizko osagaiak.

Kleisten azken antzezlana Der Prinz von Hombburg (1810, Hombburgeko printzea) izan zen, egilea hil ondoren argitaratua, 1821ean. Baina antzezlanez gainera, kontakizunak ere idatzi zituen, besteak beste, Michael Kohlhaas, Das Erdbeben in Chili (Txileko lurrikara) eta Der Marquise von 0... (Oko markesa...), Erzdhlungen bilduman jasoak (1810-1811).

Ikusten denez, bere garaian ez zuen arrakastarik lortu Kleistek, baina gaur egun erromantizismoaren garaiko pertsonaia originalenetakotzat hartua da; batetik, erromantizismoaren aitzindari gisa ikus daiteke, baina, aldi berean, haren kontraesanak agertzen ditu eta erromantizismotik haraindi jotzen du, adibidez, estutasunaren eta bakardadearen gaien zentzu erromantikoari dagokionez. Bestalde, oreka eta ordena bilatzeko ahalegina ere sumatzen da Kleisten lanetan, eta horrek jarrera ilustratuek eta Kanten filosofiak izan zuen eragina nabarmentzen du.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Heinrich von Kleist Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]